Natura-ingurune ikusgarri batean dago Azkorri Ikastetxea, zeina beren seme-alabentzat ahalik eta heziketarik onena nahi zuten familia batzuen gogoetatik sortua baita. Proiektu berritzailea da Azkorri; garaian garaikora egokitzen jakin du, eta iraultza teknologikoak bultzatuta, azkar eta erabat ari da eraldatzen, betiere egungo gizartearen premiei eta itxaropenei erne.
Duela urte gutxi, ezin genuen irudikatu ere egin bizi dugun garapen teknologiko eta digital izugarria. Garapen hori dela eta, aldatu egin behar izan dugu hezten ari garen herritarren profila. Delors txostenaren emaitzak oinarri hartuta, agindu hau bidali zien UNESCOk munduko herrialdeei, hezkuntzaren lau zutabeak gara zitzaten: ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, izaten ikastea.
Gure ikasleek berenganatzen dituzten gaitasunek erraztu egiten dute haien etengabeko egokitzapena eta ikaskuntza, norberaren sormena zein elkarlanean jarduteko komunikazio-trebetasunak eta enpatia sustatzen, eta ezagutza praktikara eramanda abileziak garatzeko aukera ematen. Horrela lortuko dute gure ikasleek ezagutza, ahalmen kritikoa eta oreka emozionala duten gizon-emakume bihurtzea; zoriontsu izatea, alegia. Hori da, hain zuzen ere, gurasoek eta hezitzaileok nahi duguna.
2016an, ikastetxe osorako estilo pedagogiko erkide bat ezartzea erabaki zuen Azkorri Ikastetxeak, hezkuntza-etapa bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatutako HEZIBERRI 2020ren gaitasun-irizpideei jarraikiz, hiru kudeaketa-lerro hauek aintzat hartuta: ikaskuntza-eremuaren kudeaketa, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren kudeaketa, eta gaitasunen kudeaketa.
Gizaki bakoitzaren berezitasunari diogun begiramen irmoarekin bat dator eskaintzen dugun arreta pertsonalizatua. Gure ustean, berezko dohaina da inperfekzioa, eta lagungarria hobetzen jarraitzeko; nolanahi dela ere, gizarte aurreratuei dagokien inklusio-ikuspegitik begiratu behar da.
Zenbait baliabide ditugu arreta pertsonalizatu hori bermatzeko:
Bizikidetza hobetzeko, protagonismo handiagoa ematen diegu ikasleei, garapen pertsonal eta sozialeko prozesuan izaten dituzten gatazkak eta bestelako egoera emozional biziak konpontzen laguntzeko. Emaitza onak ekarri ohi dituzten zenbait baliabide erabiltzen ditugu horretarako; besteak beste, Ikasle Laguntzaile ekimena, ikasleen elkarlaguntza sustatzen duena.
Jazarpenaren aurkako KiVa Programa ere erabiltzen dugu. Finlandiako Turkuko Unibertsitatean egindako zenbait ikerketa ditu oinarri programa horrek. Eskola-jazarpenari buruzko proiektu berritzailea da KiVa Programa, eta puntako ikerketak eta mekanismoak baliatzen ditu arazo horri aurre egiteko.
Errespetua, berdintasuna eta prebentzioa sustatzen ditugu sexu-indarkeria saihesteko; besteak beste, Beldur Barik ekimen motibatzailea. Emakundek sortua da ekimena, eta ikus-entzunezko euskarria du; hamabi urtetik 26ra arteko gazteei dago zuzendua, eta programaren jarrerak eta mezuak erakusten dituzten ikus-entzunezko adierazpen artistikoak saritzen ditu.
Lantzen dugun neska- eta mutiko-profilak ezaugarri hauek bultzatzen ditu, guztiak ere ekintzailetzaren sustagarriak: ekimena, lidergoa eta kudeatzeko eta taldean jarduteko gaitasuna. Horretarako, “ekintzailetza-ekosistemak” prestatzen ditugu, gaitasunen garapenari lagundu diezaioten.
Badira jada zenbait urte Kultura Ekintzailea Sustatzeko programak bultzatzen dituela gure ikastetxeak helburu horiek lortzearren; esate baterako, StartInnova, non bigarren urtetik hartzen baitugu parte eta zenbait sari eskuratu baititugu, urtero, 16-18 urteko ikasleentzako atalean.
Garrantzi handia ematen diogu irakurketa-idazketari, funtsezkoa baita ikaskuntza berriak eskuratzeko eta ikasleen bizitza osoko garapen pertsonalerako. Hau da gure ardatzetako bat: Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako software espezifiko batez Eduardo Herrera psikologo eta pedagogoak prozesu horri laguntzeko diseinatutako programa bat (“Trazoleo”).
Teknologia hezkuntzarako tresna eta haren xede bihurtzeko ikaskuntza-inguruneak sortzea ere lehentasunezko helburua du Azkorri Ikastetxeak, eta alor horretan ere nabarmentzen da gure familia-kooperatibaren ikuspegia eta ahalegina. Azkorri Ikastetxeko profesionalek aztertu, ikertu eta behatu egiten dute teknologiaren garapena, gure neska-mutikoen gaitasun-bikaintasuna lortzeko behar diren proposamen metodologikoak eta didaktikoak garatzeko.
Nazio Batuen jasangarritasun-helburuak iristeko herritarrek ere lagun dezaten, munduaren ikuskera jakin bat eman behar zaie ikasleei, hots, erantzukizun bat dutela jakinarazi behar zaie, denon onerako ari direla adierazi, eta ikuspegi kritikoz hornitu.
Urteak daramatza Azkorrik ikuspegi hori lantzen, zenbait proiektu esanguratsuren bidez; besteak beste, Eskolako Agenda 21 Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan. Honenbestez, gure neska-mutikoek aztertu eta ulertu egiten dituzte beren inguruneko ingurumen-arazoak, eta herritar arduratsuak izateko prestatzen ditugu, ingurumenaren aldetik bidezkoagoa eta ekologikoki jasangarria den gizarte batean bizi daitezen.