Lehen hezkuntza

Hezkuntza-proiektua
colegio

Lehen Hezkuntzan hasten da nahitaezko eskolaldia. Sei ikasturte ditu epe horrek, eta normalean sei urtetik hamabira bitartean egiten dira.

Etapa horretan hasten dira haurrak oinarrizko trebetasun instrumentalak berenganatzen (irakurketa, idazketa eta kalkulua), eta pixkanaka garatzen eta sendotzen dituzte oinarrizko gaitasunak, bai diziplinarrak (ezagutza-alor bakoitzarekin zuzeneko lotura dutenak), bai zeharkakoak (guztiei dagozkienak).

Jakina, gure neska-mutikoen hezkuntza integrala bermatzea du xede prozesuak.

Alderdi hauek dira azpimarragarriak gaitasun horien garapena dela eta:
  1. Lan-egiturak, jarduerak eta errutinak erabiltzen dira neska-mutikoen gaitasun-hazkuntza bermatzeko.
  2. Metakognizioa sustatzen da prozesu osoan, hau da, norberaren ikaskuntzari buruzko gogoeta egitea.
  3. Zeharkako gaitasun guztiak jorratzen direla azpimarratu arren, garrantzi berezia hartzen du komunikatzeko gaitasunak, hizkuntzak irakasteko ez ezik gainerako gaitasunak garatzeko ere bai. Beraz, curriculumaren alor guztietan landu behar da gaitasun hori.
  4. “Izaten ikasi” eta “Elkarrekin bizitzen ikasi” gaitasunei dagokienez, alderdi hauek jorratzen ditugu: tolerantzia, elkartasuna, adiskidetasuna, norberaren autonomia… Bestalde, zenbait jarrera sustatzen dira: diskriminaziorik eza, lankidetza, elkar ulertzea eta enpatia, lanerako ohitura, arreta, konfiantza…
Berariaz zaintzen dugu, halaber, gai hauei buruzko heziketa: jarduera afektiboa eta sexuala, genero-berdintasuna, edonolako indarkeria-motaren prebentzioa eta gatazkak bakean eta elkarrizketaren bidez konpontzeko moduak, ingurumenaren zaintza eta harekiko errespetua, osasuna eta norberaren zein gizartearen ongizatea, kontsumo arduratsua, bide-hezkuntza, droga-mendekotasunen prebentzioa, bullyinga eta ziberbullyinga…

Emozioak ezagutzen eta bereizten ere erakusten diegu gure neska-mutikoei, bai eurenak bai besteenak, eta haiek kontrolatzen.

Etapa eta ikasturte bakoitzaren helburuak aintzat hartuta, curriculumaren atal bakoitzeko edukiak eta gaitasunak lantzeaz gain, parte hartzen dugu ikasturtean zehar ikastetxean martxan jartzen diren proiektuetan, eta zenbait jarduera osagarri antolatzen. Ingurune anglosaxoiko zenbait elementu kultural ere lantzen ditugu, batez ere euskal kulturarekin lotura dutenak.

Lagungarri ditugu Orientazio Sailaren aholkularitza eta jarraipena gure helburuak lortzeko.

Pedagogia Terapeutikoko Ikasgela bat ere badugu, baita laguntza/errefortzuko irakasleak ere. Haurrekin banaka edo talde txikitan egiten dute lan irakasle horiek.

Bestalde, garrantzi berezia du familiekiko harremanak eta komunikazioak.

 
 
 
creciendo contigo
Acceso a Inika